XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Era honetan zebiltzala Txorrotxo bertsolaria agertu zen plazara.

Eta hamaika ikusleren begiratuak bertsolariaren gorputzean gurutzatu ziren.

- Benga dantzara! - esan zion norbaitek.

Bertso biribila zen irribarrez erantzun zion Txorrotxok.

Bertsolariaren erantzunarekin ez oso konforme berriro zirikatu zuen gizonak: - Zer da gizona dantzan jakin gabe?

- Zurruta beti hobe.

Udaletxea, eliza, pilota-lekua eta etxe sail batek inguratzen zuten plaza koadratuaren bolumena entzuleen algaraz bete zen.

Mementua aprobetxatuz mutil batek neskari heldu zion eskutik.

- Kontuz! - esan zion neskak eta mutilak ximista bezala, zergatik galdetu gabe, eskua aldendu zuen, zalantzarik gabe don Felixen kataloxa arakatzaileak izango bait ziren, morala eta ohitura onen zaintzaile, keinu eta mugimendu ororen gainbegiratzaile.

Eta zangoen konpasa eta kriskitin eta buelta.

Andres eta Kontxi goiko kalea hartu zutenean beren guraso Andres eta Leandrorekin topatu ziren.

- Eztabaida izan dut don Felixekin - esan zien Andresek.

- Baina edozeinen itzala aingeru goardakoaren froga bezala kontsideratzen duen pertsona batetaz zer espero daiteke? - erantzun zion aitak eztabaidaren gorabeherak jakinda gero.

Plazan sartu ziren Andres eta Leandro.

Eta soinuak eta algarak plazako bolumenari gainezka egin eta herriko zelai zabaletara hedatzen zirela iruditu zitzaien.

Izan ere bizitza zen nagusi arratsaldeko erromerian eta bat batean, han, inork esan izan balu gerra bezperan zeudela, ezin sinetsi zioketen.

Dantzarien zango jostalariak airean dibujo arinak marrazten, bizitzaren taupadak ziren kriskitinak, marko koadratuaren alde bat inguratzen zuten etxeek leiho zabalduetatik arnasa hartzen, kriskitin-kriskitin, balkoietatik plazara makurtzen ziren jeranio eta krabelinak behetik gora igaten ziren arramar bizikorretan blaitu nahirik, (...).